Hasteko erein eta gero uztatu

Slovak Žižek filosofo politikoaren lan intelektuala zabala, sakona eta malgua da. Bere oinarrizko mezuak er-reproduzitze eta errepikatze aldera, Miguel Hernández poetaren aipatu baliabidea eskuratzen du idazle erbesteratuak: hitzez hitz traduttore traidore baten erara arituz batzutan, nahiz eta gehienbat, egokitzapen askez baliatuz.

Hernandezen hitzen metatzea eta berresatea, horrela, idazle erbesteratuaren gaien sakabanatze errepikakorra bilakatzen da. Ondorioz: idazlan honen lehen zatia (nagusiena) Los hombres viejos olerkian zerrendatzen diren zernahi-gauzen inguruan, solteki egituratzen da:

Trapos, calcomanías, defunciones, objetos,
muladares de todo, tinajas, oquedades,
lápidas, catafalcos, legajos, mamotretos,
inscripciones, sudarios, menudencias, ruindades.

Gizon zaharrez gabiltzanez, baina, badago hemen nolabaiteko distantzia ironikoa-edo gorde beharra. Distantzia ironikoa, ez bakarrik eta jakina denez Hernándezen eritziz, gizon zahar hauek zirelako Ordena Zaharra mantendu nahi zutenak (hombres viejos: gotosos, desastrosos, malvados… van muy serios, trucosos, maniobreros). Zeren eta, ezer izatekotan, ez baitago ukatzerik. Azkenean badakigu ‘gerra zibila’ nork irabazi duen! Are mundu guzian irabazi! Eta Munduko Ordena Berria dela-eta, badakigu jada Ordena Zaharra-ren eremua nork betetzen duen. Izan ere, Hernándezek berak (Rusia, La Fábrica-Ciudad…) berrikuntza eta aurrerapenaren eredutzat ikusten z(it)uen “sozialismo izatez erreala” eta antzekoak!

Temblad, hijos de puta, por vuestra puta suerte… hijos de puta ansiosos de politiquerías. Zeinen txanda, orduan, oraingoan dardara egiteko!!! Zinez dardara egiteko. Zeinen txanda George Bushek Askatasuna Jainkoaren oparia da humanitateari esaten digunean! Are trepidazioaren trepidazioz ikaratzeko, Sarjentu Rees mezulariak, poliki baina trinko ondorengo honekin datorkigunean:

Entzun. Ulertu. Terminator hor dago. Ezin da berarekin arrazoitan ez tratuan ere sartu… ez du errukirik sentitzen, ez damu ez beldur, eta ez da inolaz ere geldituko. Inoiz ez. Hilda zauden arte.

Distantzia ironikoarekin, beraz, zilegi delako pentsatzea, idazle erbesteratuak ondoren barreiatutakoak osaturik daudela polvo, palabreria, carcoma y escritura, / cornisas: orinales que quieren ser severos eta bestelako idaz-bazar kalimatrakez. Nahiz eta, oinarri-oinarrian, lan honen helburu nagusia alderantzizkoa izan. Besteak beste: jarduera giza-eraldatzaileen balio eta aberastasun eta helburu unibertsal iraunkorren inposibilitasuna bera berbaieztatzea – askatasuna, justizia, berdintasuna, elkartasuna…

Jarduera giza-eraldatzaileen balioak berbaieztatze aldera, hala ere, gaur egun bidean sortzen diren konplikazioak baztertu bainoago kaleratu egin behar dira; hemen Slavoj Žižek-en lana (edota ikerketa eta ausnarketa) kritiko-engaiatuaren balioa eta aberastasuna erreproduzituz eta errepikatuz burutzen dena. Eta orduan, Žižek-in izandako elkarrizketa imaginatutako baten bidez, idazlan honen bigarren zatian, lehen zatian erein eta soroan nahasmahas metatutakoak uztatuko dira. Elkarrizketa “imaginatutakoa” bi zentzutan: ‘gezur’ zentzuan, elkarrizketa zuzenean eta egitan eman ez denez, ‘asmatutakoa’ edo ‘fabrikatutakoa’ delako; zentzu sortzailean, hala ere, diskurtso-artefaktu berri baten bitartez mezuaren egia bera berrartikulatzen den heinean.

Utzi erantzun bat

Gizartea, Kultura, Poesia, Politika atalean

Idazle erbesteratua

Julia Kristevaren hitzetan, hizkuntz ezberdinen artean kokatuta dagoelarik, arrotzak erregistro egokien erabilera taiuzkoa ezin du behar bezala menperatu. Sarri askotan, biraoen lizunkeria eta tankera landuenak, entzulearen harridurarako bat datoz, nahas-mahas. Arrotzaren hitzek, areago, hutsunean zirkulatzen dute, aluzinazioak bezala. Bere gorputza eta grinen kanpo deserrotuta egonik, arrotzak mundu mamutsua modukoa-edo (monde fantomatique) biztantzen du.

Arrotzaren ahotsa, ondorioz, poliglotaren isiltasunean babesten ez bada, erretorika hutsaren indarrean da oinarritzen. Arrotzaren hizkuntza, formalismabsolutuaren emaitza da, sofistikazio handi-puztuarena, artifiziala: algebra eta solfeoa bezalakoa. Hizkuntza bat gehi bizpahiru latinezko dialekto eta, hala ere, bat ere hitz egiten ez dituen euskaradun-zahar zahar samar honena barne.

Hortaz: idazle erbesteratu zatikatuaren pentsamendu eta sentimenduak subkontzientean ez omen direnez bizi, ikasteko dugun guziaren er-reprodukzioak sortzearekin kontentatzen gara, nekez innobazioak. Edward W. Saidek dioen bezala: Atzerriratua jarraitzale mimikoa da.

Utzi erantzun bat

Erbesterapena, Hizkuntza(laritza) atalean

Kartzelakoak

Miguel Hernández, kartzelan gaixotasunez janda, Espaniako gerra zibil ostean hil zen poeta ospetsua. Besteak beste, sarri askotan erabili zuen nekazari-baserritarraren idaz-teknika zaigu hemen baliagarri: hitzen bata bestearen ondoren metatzearena, edo errepikatzearena. Halanola Las cárceles olerkian esklabuaren mentalitatea salatzen duenean:

Esos que sólo buscan abandonar su cárcel,
su rincón, su cadena, no la de los demás.
Y en cuanto lo consiguen, descienden pluma a pluma
enmohecen, se arrastran.

Olerkiaren arabera, elkartasunarekin da zapalkuntzari aurre egiteko bidea. Askatasunaren aldeko borrokarekin alegia. Ez baina askatasun indibidualarena (arestiko ahapaldian kondenatzen den egoismoarena), askatasun kolektiboarena baizik: herriaren askatasuna. Herriaren askatasuna helburu, ez dago gero gogoaren giltzapean ezartzerik.

Cierra las puertas, echa la aldaba, carcelero
Ata duro a ese hombre: no le atarás el alma.
Son muchas llaves, muchos cerrojos, injusticias:
No le atarás el alma

…bai baina, Lauaxetak egiten duen gisa, mugagabeko askatasun infinitoaren eremura azken baliabidez bideratzerik

Gaztea nozu bizitz onetan
Ta ez yatan falta gauzarik,
Jauna gogorra aldi onetan
Iges eitea lurretik.
Ezpedi egin neure oldea
Zeure naia, bai, ostera.
Gogoa bijoa zeru argira
Gorputza lur ilunera.

Utzi erantzun bat

Gizartea, Literatura, Poesia, Politika atalean

Slavoj Žižek

Eslovenian jaioa, Ljubljanako Unibertsitatean ikerlea. Teoriaren basajauntzat eta mendebal akademiako pop star bezala ezaguna. Carlsberg garagardoa bultzatzeko iragarki britaniar ezagunak dioen bezala: zihur asko gaur egun munduan dagoen kultur irunskitzaile ezkertiar aintzindarikoa. Freskoa, dirdiragarria, eragingarria, … Žižek-en filosofia Hegelen dialektika, marxismoaren materialismo historikoa eta psikoanalisi lacaniarraren ildotik bideratzen da. Probokatzaileak, maiz, bere argudioak azaltzerakoan tankera eztabaidatsua eta eztabaidatua erabiltzen du. Baita, baina, jolasgarria eta atseginkorra ere. Bere ikuspuntuak, (batzuen eritziz ilunak eta nahas-mahasak) argitze eta bertaiutze aldera, goi kultura zein masa kultura herritar-herrikoietik adibide franko hartzen du.

Utzi erantzun bat

Filosofia, Psikoanalisia, Publizitatea atalean

Euskal Lurraldeetan Zehar Mamu Bat Dabil

…independentziaren mamua, ni, zu eta harako haren moduko barbaro madarikatu inhumano, are ez-humanoaren emantzipazioarena… Eta, orduan, heldu zaigu euskal arima ezerez hutsez betetzeko ordua – euskal gorputz ‘etniko’ petrala izateari uko egiteko ordua. Nahi badute, jarrai bezate kazetari atzerritar eta antropologo atzerakoi museozaleek, gurea zen-edo kultur-substantzia haztakatzen, dohain izorratzen, beraien irabazpenerako bortxatzen, … – gu ez gara jada zuen putak! Nahi badute, jarrai bezate aristokarata espainiar eta indiano-amerikanuen oinoerdeko abizenzaleek, de Arístegui edo olango hitzen araketa genealogikoekin- gu ez gara jada zuen etzalekuko ispilu barrokoaren parean apaintzen zaretelarik, atzekaldeko ohean zain, aldrebes ikusten duzuen trabesti harrotua! Beraien (eta gure) asaba galtzaileek egin zuten lez, baina ondorengoek ezin egingo duten lez, nahi badute, jarrai bezate administrazio erregionaleko kudeatzaile pragmatikoek suplikante, jarrai bezate esaten oraindik ordua ez dela heldu – gu ez gara jada zuen kontu(ar)en alde lan zikina egiteko prest gauden matxo-matoi euskal labeleko!

Garai batean engainatu egin gintuzten, esan ziguten bereziak ginela, munduko herri misteriotsuena, zaharrena, zuhurrena… Eskerrik asko! Baina ez eskerrik asko! Ordua heldu baita! Larrutik ordaindu dugu amarruaren prezioa. Ohartu gara bai, berezitasunaren prezioa zanpaturik irautea dela. Orain, berdinak izan nahi dugu. Orain, beste prezio bat ordaintzeko prest gaude. Bizia emateko prest. Berdintasuna eskuratzeko. Humano bilakatzeko. Behingoz indenpendentzia lortu eta hartuz. Orain lortuz. Orain hartuz. Independentziak dakarren arruntasunaren prezioa. Heriotzaren prezioa. Munduan nonahiko desederatu ororekin bat etortzeko. Aspertasunaren prezioa. Normaltasunaren prezioa. Ezerez hutsak izatearen prezioa. Zapaltzaile oro, kolaboratzaile oro: zuentzat bada Kantauriko legatz fresku-freskuen kokotsak! Guretzat McDonals hanburgesak!

Utzi erantzun bat

Kultura, Politika atalean