…independentziaren mamua, ni, zu eta harako haren moduko barbaro madarikatu inhumano, are ez-humanoaren emantzipazioarena… Eta, orduan, heldu zaigu euskal arima ezerez hutsez betetzeko ordua – euskal gorputz ‘etniko’ petrala izateari uko egiteko ordua. Nahi badute, jarrai bezate kazetari atzerritar eta antropologo atzerakoi museozaleek, gurea zen-edo kultur-substantzia haztakatzen, dohain izorratzen, beraien irabazpenerako bortxatzen, … – gu ez gara jada zuen putak! Nahi badute, jarrai bezate aristokarata espainiar eta indiano-amerikanuen oinoerdeko abizenzaleek, de Arístegui edo olango hitzen araketa genealogikoekin- gu ez gara jada zuen etzalekuko ispilu barrokoaren parean apaintzen zaretelarik, atzekaldeko ohean zain, aldrebes ikusten duzuen trabesti harrotua! Beraien (eta gure) asaba galtzaileek egin zuten lez, baina ondorengoek ezin egingo duten lez, nahi badute, jarrai bezate administrazio erregionaleko kudeatzaile pragmatikoek suplikante, jarrai bezate esaten oraindik ordua ez dela heldu – gu ez gara jada zuen kontu(ar)en alde lan zikina egiteko prest gauden matxo-matoi euskal labeleko!
Garai batean engainatu egin gintuzten, esan ziguten bereziak ginela, munduko herri misteriotsuena, zaharrena, zuhurrena… Eskerrik asko! Baina ez eskerrik asko! Ordua heldu baita! Larrutik ordaindu dugu amarruaren prezioa. Ohartu gara bai, berezitasunaren prezioa zanpaturik irautea dela. Orain, berdinak izan nahi dugu. Orain, beste prezio bat ordaintzeko prest gaude. Bizia emateko prest. Berdintasuna eskuratzeko. Humano bilakatzeko. Behingoz indenpendentzia lortu eta hartuz. Orain lortuz. Orain hartuz. Independentziak dakarren arruntasunaren prezioa. Heriotzaren prezioa. Munduan nonahiko desederatu ororekin bat etortzeko. Aspertasunaren prezioa. Normaltasunaren prezioa. Ezerez hutsak izatearen prezioa. Zapaltzaile oro, kolaboratzaile oro: zuentzat bada Kantauriko legatz fresku-freskuen kokotsak! Guretzat McDonals hanburgesak!
