-3- Kuriosidadeak
Dena eta ezer ez, sail honetan datorrena datorrela blogeatze modu arinari bide emango diogu. Ikusiko zein berri, iruzkin, albiste, esaldi bitxi edo xurrumurru ateratzen den, eta ikusiko nondik eta norakoak ote, hemengo, hango, lokal, global etabar. Mottoa: motz eta zorrotz!
-2- Kritikak-Reviews
Sail honetan, zenbait liburu argitara berri-edo izango da ardatz eta aztergai. Normalean kritikak izango dira, ez berez kritika literarioak gehienbat politiko-kulturalak baizik. Noizean behin zenbait liburu zaharren erreseinak ere eskeiniko dira. Norbait egonez gero bereak erantsi nahi duenik, euskaraz, ingelesez edo beste hizkuntza batean, ongi etorria dago. Nik neu ere saiatuko naiz han-hemengo erreseina/kritiken berri/kopiak ematen.
-1-Home
Bueno ba, hona hemen “Glokalizazio Rurbanoak”, izen kurioso zein amalgama bitxiekin-eta ni, beti, askapen mugimenduko ortodoxo kaskagogor doktrinarioa izanda, euskaltzale posmoderno hibridoenak baino urrats bat haratago. Blog honen hasierako asmoa da 2006ko martxoan jadanik idatzita nituenak atalka, astero-edo, cut & paste eta ea, poliki-poliki, posibilitatea sortzen den bi eremu (globala eta lokala, urbanoa eta rurala, unibertsala eta partikularra…) kontraezarriz zein tartekatuz, emaitza berri ez-ustekoren bat suertarazteko. Adibidez, besteak beste: San Paulo eta Domingo (de) Ag(u)irre zirkuitulaburtuz; edo Argala Luxenburgoko Rosarekin, Lauaxeta Miguel Hernándezekin, edo piratak guardia zibilekin, juduak euskaldunekin ,‘Alarde’ feministak Full Metal Jacket filmearekin, Talibanak Oteizarekin, Julio Medem G. K. Chestertonekin …
Eskuizkribu gisa lagun batzuei aurkeztu nienean halako erantzunak jaso nituen. Erramun Altunak, koinatua bera, AEK-ko beteranoa eta lehen orraz lanak egin zituenak zera zion:
Esan beharrik ez, zeinen geniala den egilearen prosa. Atentziorik agian handiena erakartzen duena, hipotesiaren gordintasuna da. Nola enfrentatzen den ‘gu’ edo ‘ni, zu eta harako hura’ hori, marra batekin definitutakoa, marraz bestalde dagoen denarekin. Hasera batean soma daitekeen usain ez-erosoa, paragrafoen pasata, usain bateria freskoekin bat egiterakoan, halako emaitza argigarri eta eraberean sarkor egiten da. Ilun gelditzen da ordea, laberintoaren irteera bidea. Horrelakoa nahiko zian egileak.
Joseba Gabilondo, aldiz, Michigan State University-n irakasle, lagun min eta nire super-ego bortitzaren id-mirail jolaskaria, ondorengo honekin etorri zen:
Lan honek eztabaidaren listoia jasotzen du eta diskusioa beste territorio batera eramaten: posthumanismoa. Oro har egilearen oso ondo planteauta dago. Hala ere, bi ausentzia daude. Egileak estatua nahi duela bakarrik esaten du, baina estatua zer den ez du diskutizen. ETA-ren biolentzia ere eztabaidatu gabe dago… zuzenean. Bestela, Alardeen azterketa feminista lacaniar azkar batek leitzen badu kritika zorrotza jasoko du. Hortik aurrera, ados ala ez, lan honek pixu handia dauka, oso ona da eta nik uste inpakto handia edukiko du.
Eskuizkribua, dena den, ez zen argitaratu. Ordez, Subordinazioaren Kontra liburua kalean dago, -Pamiela, 2008-, eta bertan, lortu ez dakit, baina saiatu behintzat bai, saiatu naiz, estatuari eta biolentziari buruzko gaiak zuzenean eztabaidatzen, laberintoaren irteera bidea argitze aldera-edo. Orduan galdera da, eskuizkribua jadanik idatzita baduzu, zergatik ez argitaratu eta kitto! Gainera, kritika baliagarriak jaso dituzu jada, badakizu lan merezigarria dela. Gainera, Josu Amezagak, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzietako fakultadean irakasle eta zerbait izatekotan, ego-orekatu ideialak, ondorengo hau esan zuen:
Oso gustura irakurri dut, erakargarria baita. Behin hasita kosta egiten da uztea. Pasarte batzuk zirarra sortu didate buruan, pentsamendua biztu, baita barrealdia eragin ere, egileak ironiaren punto zorrotza hartzen baitu. Aberasgarria iruditu zait oso.
Bueno ba, hona hemen esteka liburu formatoan erosi nahi baduzu, Euskal Lurraldeetan Zehar Mamu bat Dabil izenburuarekin, izan ere, Subordinazioaren Kontra liburuaren osagarri espektral-fantasmatikoa dena. Hala ere, jakinaren gainean nago: nire erabakia ez da oinarritzen hutsalkeria harroputzean, zurea bai, baina, prakerre kakalarrien presaren presan. Beraz, ordaindu egin beharko duzu. Nik neuk nahiago dut, poliki-poliki, astero pasarte bat-edo eranstea eta ikustea blog-a bera nola hedatzen den, atal berriak sortzeko bidea irekitzen den etab. Batik bat, gainera, Bush garaitik Obama garaira ere pasatu garenez, aukera izango dudalako, hortaz, eskuizkribu hartan jada modaz pasatuta daudenak ‘comments’ sailean zuzendu eta berregokitzeko. Badakizue, gu, askapen mugimendukook, beti a la dernière! Beti.
Izan ontsa!
